Berrea eu

berrea

Oreinen orroaldia

2020ko marrualdiko bisita gidatuetarako tokiak zozketa bidez esleitzeko irizpideak

  • Izen emateak parke naturaleko web orriaren bitartez besterik ezin izango dira egin.
  • Izena emateko epea irailaren 1ean hasiko da eta irailaren 11n itxiko da, eguerdiko 12:00etan.
  • Izena ematen duen pertsona bakoitzak gehienez ere bi lagun apuntatu ditzake.
  • Eskaintzen diren lau egunetatik bitarako bakarrik eman dezake izena pertsona bakoitzak.
  • Egun bakoitzerako zozketa bat egingo da, eta izen emate bakoitzak erregistro zenbaki bat izango du. Zenbaki horiek erabiliko dira zozketa egiteko.
  • Izena eman duen pertsona bakoitza (titularra zein laguna) behin besterik ez da kontuan hartuko zozketa bakoitzerako (gehienez bi egun). Bikoiztuta dauden pertsonak zerrendatik ezabatuko dira.
  • Parte hartzaileak gutxienez 8 urtetik gorakoak izatea gomendatzen dugu. Ibilbidea ez da gogorra, baina partehartzaileak mendian ibiltzera ohituta egotea komeni da, behaketa eremuraino iristeko 1 ,15 ordu inguruko ibilaldia egin beharra baitago.
  • Zozketa irailaren 14an egingo da, eta 15etik aurrera emango da emaitzen berri.
  • Tokia lortu dutenei telefonoz jakinaraziko zaie, eta tokirik lortu ez dutenei posta elektronikoz.
  • Bizi dugun pandemia egoera bereziaren ondorioz eta ordainketa telematikorako baliabiderik ez dugula kontuan izanda, aurten bisita gidatuek ez dute kosturik izango.
  • Abuztuaren 19ko osasun sailburuaren aginduan ezarritakoa betetze aldera (3.21.3 artikulua), bisitetako taldeak gehienez 10 pertsonakoak izango dira (9 + gida).  

Zer da orroaldia?

Urtero bezala, Gorbeia Parke Naturaleko Arabako isurialdean “orroaldia” ala ugalketa izaten da. “Orroaldia” oreinaren araldia edo ugalketa-aroa da. Orein arrek sasoi horretan egiten duten marruari ere esaten zaio orroa. Orroaldia babestutako naturagunearen lasaitasun edo soseguaren arabera izango da espeziearen berezko garapenaren bezalakoa.

Orroaldiaren hasiera, lurralde jakin batean, oso gutxi aldatzen da urte batetik bestera. Gorbeian irailaren hasieran izaten da. Oreinaren orroaldia bi eta bost aste artekoa da; Gorbeian urriaren lehen astera arte izan ohi da.

Oreinen jokabidea

Oreina urteko denboraldirik luzeenean taldean bizi da. Halere, arrak eta emeak bereizita bizi dira, orroaldian izan ezik. Eme eta ar gazteak euren lurraldeetan bizi dira, batzuetan adin ertaineko arrak bizi diren lurraldetik ez oso urrun. Orein handiak urrunago daude, eurentzat diren sektoreetan, sarritan gainontzeko oreinengandik oso bereizita.

Irailaren hasieran, orroaldiaren atarian, dena aldatzen da. Emeak bildu egiten dira. Urduri jartzen dira, eta kumeak haiengandik urruntzen dituzte. Orein handiek emeen lurraldean “orroaldiko lekuak” deritzenak okupatzen dituzte. Leku horien kokapena oso egokia da arriskuak atzemateko edo lurraldera sartzen diren arrotzak ikusteko.

Emeak “orroaldiko lekuetan” biltzen dira. Arrak ere hona etortzen dira, gazteak izan ezik, ar helduek kanporatzen dituztelako. Orroaldia gaueko kontzertuekin, elkar beldurtzeko erronkekin eta sei eta bederatzi urte arteko oreinen arteko borrokaldiekin hasten da.

Arren marrua edo orroa ugalketa-aroaren ezaugarririk nabariena da. Orroaren sistemaren bidez, oreinek elkar aztertzen eta neurtzen dute, ahotsa erabiliz. Orroen intentsitatea, modulazioa eta maiztasuna dira arren artean hierarkia finkatzen dutenak.

Emerik gehienak araldian daudenean izaten da orroaldiaren une gorena. Batez ere gauez nabaritzen da, animalien arteko kontaktuak orduan izaten baitira sarrien.

Gomendioak

Espeziearen aldi kritiko honek irauten duen bitartean gizakion eraginak murrizteko, kontuan eduki itzazu ondorengo arauak:

  • Gorbeia Parke Naturaleko Sarriako Parketxera joan zaitez oreinaren orroaldiaren inguruko informazio bila.
  • Parkeko Bidezidorren Sare Nagusian tarte gomendatuak daude animaliak behatu eta entzun ahal izateko (mapa Ikusi).
  •  “Orroaren sektorean” oinez eginiko ibilbideak Parkeko Bidezidorren Sare Nagusitik egin beharko dira (mapa ikusi), hauetatik irten ezin izango delarik.
  • Zaldiz eta mendiko bizikletaz eginiko ibilbideek eta espeziearekin zuzenean loturiko ekintzek (entzutea, behaketa, argazkilaritza, grabaketa, etab.) baimena beharko dute.
  • Oreinen jokabide naturala ez aldatzeko animaliekiko distantzia gorde ezazu eta ez zaitez hurbildu.
  • Ez aldendu eta ez ikaratu animaliak, ezkutuan egon zaitez, geldirik eta zaratarik egin gabe, oreinak behatzeko aukera gehiago izango duzu eta.
  • Arabako Foru Aldundiak ikustaldi gidatuak eskainiko ditu Gorbeiako Parke Naturalean oreinen orroaldia ikusteko. Naturaren ikuskizun hori behatoki espezializatuetatik ikusi ahal izango da, hamar laguneko talde murriztuetan bisitaldiak eginez.

Egun, gutxi gorabehera 600 orein daude Gorbeiako parke naturalean, populazio arabarren % 50 inguru. Orroaldian espeziea babesteko eta sakabanatzea eragozteko, aldundiaren Ingurumen Sailak ibilgailuen zirkulazioa murrizten du parkeko pista eta bideetan.

BISITA GIDATUAK

Izena emateko epea amaituta (irailak 1-irailak 11, 12:00etan)

Bisitaren iraupena

4 ordu  (17:15-21:15)

Ibilbidearen luzera

4,5 km (joanekoa)

Egunak

Irailak 18, 19, 25 eta 26