Paisaje, flora y fauna gorbeia eu - gorbeiaparkea
Eduki publikatzailea

Paisaia, flora eta fauna
Gorbeiako mendimultzoa Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroan dagoen eta Arabak eta Bizkaiak partekatzen duten eremu menditsu zabala da. Duen altueragatik, mendiko ohiko klima du: mendimultzoak hesi gisa jarduten du, eta Bizkaiko golkoko haize hezeak gelditzen ditu; ondorioz, iparraldeko eta hegoaldeko hegalak oso desberdinak dira, lehenengoa hezeagoa eta bigarrena lehor eta eguzkitsuagoa baitira. Hori dela eta, Gorbeiak ongi kontserbaturiko mendi-ekosistema aberastasun aparta du. Topografia aldapatsua izateaz gain, kontuan hartu behar da gizakiak inguru hau abeltzaintzarako erabili duela milaka urtean zehar. Guzti horrek balio natural eta inguru-aniztasun handiko espazioa sortu du, non baso naturalak, txilardiak eta mendiko larreak, harkaitzak, hezeguneak (Altubeko urmaelak, Saldropoko hezegunea, esfagnalak, urmaelak...) eta errekak elkarrekin bizi diren. Basoak KBEko azaleraren % 70 baino gehiago hartzen du; horietatik % 67 zuhaitz hostozabaleko inguruak dira eta beste % 33 konifero-plantazioak dira. Gorbeiako baso nagusiak pagadiak (azidofiloak eta basofiloak) eta, neurri txikiagoan, ameztiak dira.
Gune honen balio naturalen garrantzia dela eta, 1994an Gorbeia Parke Natural izendatu zuten. 2016az geroztik, gainera, Gorbeia kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu zuten eta Natura 2000 Sarean dago, Europako naturagune babestuen sare handi batean. Sare horren xede nagusia da bermatzea espezie eta habitat baliotsuenen eta mehatxatuenen epe luzerako biziraupena eta kontserbazioa. KBE izendatu zutenean doikuntza kartografiko batzuk egin ziren, eta mugak pixka bat zabaldu ziren. Horren ondorioz, hasierako mugaketak baino 15 ha gehiago ditu.
ITXINAKO BIOTOPO BABESTUA
Hainbat mendetan zehar urak Itxinako kareharriak higatu ditu, harrizko paisaia korapilatsua sortuz. Itxinako formazio karstikorik ikusgarrienak honako hauek dira: erdiguneko arrakala handia, Arko Axpeko tunela, Atxulaur begia, Axlaor sakonunea eta Supelegor haitzuloa. Gaur egun, pagoek haitz soilak estaltzen dituzte eta hainbat saguzar espezie bizi dira arrakala eta haitzuloetan.

BAIAS IBAIA
Ibaiaren ertzean galeria-baso ederrak hazten dira oraindik (haltzadiak eta sahastiak), eta parkeko animaliarik adierazgarrienetako batzuk hor bizi dira. Amuarrain arrunta igerian ibiltzen da oraindik ibaiko uretan, eta martin arrantzalea arpoi baten antzera murgiltzen da janari bila. Igarabak eta bisoi europarrak ere janaria eta babesa aurkitzen dute ibai horretan (Euskadiko espezierik mehatxatuenetako bi dira).

GOIURIKO UR-JAUZIA
Gorbeiako parke naturaleko hego-mendebaldean, Altube ibaiaren adarra den Oiardo errekak ur-jauzi ikusgarri eta ederra eratu du Arabako Urkabustaiz udalerrian, Goiuri auzo txikitik oso hurbil. Ura Altubeko pagadiaren gainera erortzen da, 100 metrotik gorako altueratik. Pagadi hori Euskal Autonomia Erkidegoko basorik handienetako bat da.


OREINA
Iragan mendearen erdialdean ekarri zen berriro parkera. Orroaldian (irailean eta urrian), arren orro ozenek burrunba egiten dute mendiguneko baso arabarretan.

SALDROPOKO ZOHIKAZTEGIA
Orain dela 6.000-5.500 urte sortu zen, aintzira txiki batetik. XX. mendearen erdialdean zohikatza ateratzen hasi zen, eta laurogeiko urteetan zohikaztegia desagertu egin zen. Gaur egun, berez leheneratzen ari da eta, horrek erakusten duenez, baso istildua izateko joera naturala du. Animalia eta landare ugari bizi dira inguru horretako leku irekietan nahiz putzuetan.


ALTUBEKO BASOA ETA HEZEGUNEAK
Altuben Euskadiko basorik handienetako bat hazten da. Basoaren bihotzean (Iñurbe haitza) pagadi harizti interesgarri bat dago. Animalia asko bizi dira bertan, hala nola buztangorri argia, aztorea, orkatza, lepahoria… Eremu hezeak ere badaude, anfibioen benetako paradisuak. Hor aurkituko ditugu gailurretako uhandrea, uhandre marmolairea, uhandre palmatua, zuhaitz igel arrunta, igel arrunta, baso igel jauzkaria, baso igel iberiarra eta baso igel gorria.

Argibide gehiago

Herriak eta kultura
Ikusi gehiago