Geologia gorbeia eu - gorbeiaparkea
Eduki publikatzailea
Geologia
Sakonera gutxiko itsaso epel batek estaltzen zuen duela 100 milioi urte baino gehiago gaur egun Gorbeiako Parke Naturala dena. Nagusitzen ziren ingurumen baldintzak ezin hobeak ziren koralezko arrezife garrantzitsuak hasteko. Bertan, itsas landare eta animalia ugari bizi ziren elkarrekin. 45 milioi urte inguru geroago, material horiek, itsasoaren sakonetan metatutakoak, itsasoaren mailaren gainetik igo ziren, eta milaka urteko erosioaren ostean, egungo erliebea eratu zuten. Eskematikoki, bi harkaitz mota bereiz ditzakegu. Alde batetik, forma biribilduak dituzten silizeo gailurrak daude, Gorbeiakoa kasu. Kareharrizko paisaiak, bestalde, malkartsuagoak eta ikusgarriagoak dira, eta horien artean nabarmentzekoa da Itxinako kareharrizko molea.
Interes geologikoko tokiak alde arabarrean
GOIRUKO UR-JAUZIA
Oiardo ibaiak 100 metro inguruko jauzi bat egiten du, Turoniarreko tuparri eta kareharrien artean zulatua. Haitzartea hego-ekialderantz luzatzen da, baina kilometro bat ondoren ipar-ekialderantz okertzen da, Altube ibairantz.
Atzeranzko higadura bidezko ibai-harrapatze bat da, eta horrek eragin du ur-jauzia eratzea; Altube ibaiak atzeranzko higadura bidez Oiardo ibaia harrapatzen duen ukondoari dagokio aipatu dugun norabide-aldaketa bortitz hori. Bi ibilguen arteko kota diferentzia handia dela-eta gertatzen da hori. Lehena Oiardo Mediterraneoko arroan dago, eta bigarrena, Kantauriko arroan. Ur-jauziaren oinean putzu handi bat dago, hormaren oinarria zulatzen duena eta, horren ondorioz, hormaren eta ur-jauziaren atzera egitea eragiten duena .
Interes geologikoko tokiak alde bizkaitarrean
ITXINAKO KARSTA
Itxina mendigunea Kretazeoko (Aptiar-Albiarreko) kareharri urgondar ilun eta partez bir-kristalizatuen falka txiki batean eratua dago. Sakonera txikiko itsas plataforma baten ingurunean metatu ziren, giro subtropikal batean, non organismo asko ugaldu baitziren, hala nola moluskuak eta koralak.
Mendigune hau kareharri mitritikoen mendigune baten gainean, ingurune heze batean, garatutako karstifikazio-prozesuek egiten dute ikusgarri. Gainazaleko higadura-forma ugariek labirinto itxurako modelaketa exokarstikoa sortu dute. Atxulaurreko Begia izenekoan du sarbidea (antzinako galeria-bide higatu bat da). Ugariak dira lapiaz sakonak (rillenkarren) eta hodi-formakoak (hohlkarren), eta badira zenbait lapiaz gailur-formako sedimentuz estaliak eta kareharri-hondar ildoz bereiziak ere. Tamaina askotako dolinak ere nabarmentzen dira, kono alderantzikatuaren formagatik.
Itxina mendigunean, halaber, endokarstak garapen handia du: leize sakonak eratu dira, hala nola Itulegor (163 metro), eta zenbait barrunbe ezagun, hala nola Supelegor .
ARTEAKO WEALD BELTZEKO SERIEA
Arteako flysch beltza lutita beltzez osatua dago, eta ur gaziko gasteropodoak dauzka (Paraglauconia strombiformis, SCHLOTHEIM); haietan, 3-4 metro lodi diren pikor fineko hareharrien banku lodiak tartekatzen dira, pikor-tamaina eta estratuak gero eta handiagoak dituzten sekuentziak osatzen dituztenak (deltako gingilen progradazioaren adierazgarria da ezaugarri hori). “Areatzako formazio” deritzo unitate horri (Barremiarra), eta trantsizio bat markatzen du; hain zuzen, Kantabriako eta Arabako iparraldeko, Burgoseko eta Palentziako ibai-sistemetatik gaur egun Bilboren hegoaldean dagoen sektore zabal bat hartu zuten ur gazien estuario-faziesetarako trantsizioa.