Orroaldia - gorbeiaparkea
Eduki publikatzailea
Oreinen orroaldia
Zer da orroaldia?
Urtero bezala, Gorbeia Parke Naturaleko Arabako isurialdean “orroaldia” ala ugalketa izaten da. “Orroaldia” oreinaren araldia edo ugalketa-aroa da. Orein arrek sasoi horretan egiten duten marruari ere esaten zaio orroa. Orroaldia babestutako naturagunearen lasaitasun edo soseguaren arabera izango da espeziearen berezko garapenaren bezalakoa.
Orroaldiaren hasiera, lurralde jakin batean, oso gutxi aldatzen da urte batetik bestera. Gorbeian irailaren hasieran izaten da. Oreinaren orroaldia bi eta bost aste artekoa da; Gorbeian urriaren lehen astera arte izan ohi da.
Baimena behar duten jarduerak
- Zaldiz eta mendiko bizikletaz egindako ibilbideak. Baimen-eskaerak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egingo dira, eta Gorbeiako parketxera bidali beharko dena (parquegorbeia@parques.araba.eus).
- Oreinekin zuzenean lotutako jarduerak (entzutea, behatzea, argazkia ateratzea, filmatzea, etab.). Baimen-eskaerak Arabako Foru Aldundiaren erregistro telematikoaren bidez egingo dira, honako formularioa txertatuz. Argazkigintzako baimenak mugatuak dira eta zozketa egin behar da.
Bisita gidatuak: tokiak zozketa bidez esleitzeko irizpideak
Arabako Foru Aldundiak lau ikustaldi gidatuak eskaintzen ditu Gorbeiako Parke Naturalean oreinen orroaldia ikusteko. Naturaren ikuskizun hori behatoki espezializatuetatik ikusi ahal izango da, hamabost laguneko talde murriztuetan bisitaldiak eginez.
- Izen emateak parke naturaleko web orriaren bitartez besterik ezin izango dira egin.
- Parte hartzaileak gutxienez 8 urtetik gorakoak izatea gomendatzen dugu.
- Taldeak gehienez 15 pertsonakoak izango dira, gida(k) kontuan hartu gabe.
- Izena ematen duen pertsona bakoitzak gehienez ere bi lagun apuntatu ditzake.
- Eskaintzen diren lau egunetatik bitarako bakarrik eman dezake izena pertsona bakoitzak.
- Izena eman duen pertsona bakoitza (titularra zein laguna) behin besterik ez da kontuan hartuko zozketa bakoitzerako (gehienez bi egun). Bikoiztuta dauden pertsonak zerrendatik ezabatuko dira.
- Egun bakoitzerako zozketa bat egingo da eta tokia lortu dutenei telefonoz jakinaraziko zaie, eta tokirik lortu ez dutenei posta elektronikoz.
- Mendian ibiltzera ohituta egon behar da, eta ibilbidearen ezaugarrietara eta baldintza meteorologikoetara egokitutako oinetakoak eta arropa eraman behar dira.
Oreinen jokabidea
Oreina urteko denboraldirik luzeenean taldean bizi da. Halere, arrak eta emeak bereizita bizi dira, orroaldian izan ezik. Eme eta ar gazteak euren lurraldeetan bizi dira, batzuetan adin ertaineko arrak bizi diren lurraldetik ez oso urrun. Orein handiak urrunago daude, eurentzat diren sektoreetan, sarritan gainontzeko oreinengandik oso bereizita.
Irailaren hasieran, orroaldiaren atarian, dena aldatzen da. Emeak bildu egiten dira. Urduri jartzen dira, eta kumeak haiengandik urruntzen dituzte. Adin guztietako orein handiek, helduek kanporatzen dituzten gazteek izan ezik, emeen lurraldeetan “orroaldiko toki” deritzen lekuak okupatzen dituzte. Leku horien kokapena oso egokia da arriskuak atzemateko edo lurraldera sartzen diren arrotzak ikusteko. Orroaldia gaueko kontzertuekin, elkar beldurtzeko erronkekin eta sei eta bederatzi urte arteko oreinen arteko borrokaldiekin hasten da.
Arren marrua edo orroa ugalketa-aroaren ezaugarririk nabariena da. Orroaren sistemaren bidez, oreinek elkar aztertzen eta neurtzen dute, ahotsa erabiliz. Orroen intentsitatea, modulazioa eta maiztasuna dira arren artean hierarkia finkatzen dutenak.
Emerik gehienak araldian daudenean izaten da orroaldiaren une gorena. Batez ere gauez nabaritzen da, animalien arteko kontaktuak orduan izaten baitira sarrien.
Gomendioak
Espeziearen aldi kritiko honek irauten duen bitartean gizakion eraginak murrizteko, kontuan eduki itzazu ondorengo arauak:
- Gorbeia Parke Naturaleko Sarriako Parketxera joan zaitez oreinaren orroaldiaren inguruko informazio bila.
- Parkeko Bidezidorren Sare Nagusian tarte gomendatuak daude animaliak behatu eta entzun ahal izateko (mapa ikusi).
- “Orroaren sektorean” oinez eginiko ibilbideak Parkeko Bidezidorren Sare Nagusitik egin beharko dira (mapa ikusi), hauetatik irten ezin izango delarik.
- Oreinen jokabide naturala ez aldatzeko animaliekiko distantzia gorde ezazu eta ez zaitez hurbildu.
- Ez aldendu eta ez ikaratu animaliak, ezkutuan egon zaitez, geldirik eta zaratarik egin gabe, oreinak behatzeko aukera gehiago izango duzu eta.
Egun, gutxi gorabehera 600 orein daude Gorbeiako parke naturalean, populazio arabarren % 50 inguru. Orroaldian espeziea babesteko eta sakabanatzea eragozteko, aldundiaren Ingurumen Sailak ibilgailuen zirkulazioa murrizten du parkeko pista eta bideetan.
BAIMENAK
Zaldiz eta mendiko bizikletaz egindako ibilbideak
BISITA GIDATUAK
Izen-ematea (abuztuaren 30etik irailaren 6ra, 12:00ak arte)
Irailak 20 (euskaraz)
Irailak 21, 27 eta 28 (gaztelaniaz)
Ordutegia
17:15 - 21:45 h (amaiera-ordua taldearen ezaugarrien arabera alda daiteke).
Ibilbidea
5 km-ko igoera (ordu t´erdi inguru)
Desnibela: 470m
Gehienezko malda: % 30
Derrigorrezkoa: mendiko oinetakoak, arropa egokia (berokiko arropa barne, iluntzean freskatzen baitu) eta ura.
Gomendagarria: prismatikoak